Gosari aztarnak

Ez dira domeketako pagak,
ez dira marrazki bizidunak,
parkeko jolasak
edo benetako lagunak
faltan sentitzen ditudanak.

Ez dira uretan egindako dzangak,
futboleko izerdiak,
amaigabeko udak.
Ez dira gurin zaporezko meriendak,
esnetan bustitako gailetak
faltan nabari ditudanak.

Goizero
nire ezpainetako gosari aztarnak
txistuaz bustitako zapiarekin
garbituko dituen norbait
oraindik badela jakitea da
benetan falta zaidana.

 

 

Ez da euria

Ez da euria,
ez dit minik egiten,
hodeiek mundua mugatzen dute
eta babestuago sentitzen naiz.

Ez da negua,
ez dit minik egiten,
iluntasunak eguna laburtzen du
eta lasaiago sentitzen naiz.

Eguzkiak,
urruneko leiho baten argi-keinuak,
terrazetan dagoen jendetzak,
hego haizeak,
uda usainak
egiten didate min,
mundua zabaldu egiten delako,
luzatu,
hedatu,
handitu,
eta beste lekuren batean
gertatzen delako
orduan dena.

Abenduko arbola

Abenduko arbola naiz,
lo ditut atzamarrak.
Ez bilatu laztanik,
ez egin ahaleginik,
jausi zaizkit
zure arnasak behin
dantzan jarri zituen hostoak.
Ez bilatu laztanik
ez egin ahaleginik,
abenduko arbola naiz orain
eta azazkal zorrotzak baino
ez ditut adarretan.

Ez nazazu begiratu

Ez nazazu begiratu,
ez dut lurralde ilunetara
bidaiatu nahi,
ez dut gauzak
haztatzen ibili nahi
argirik gabeko gela batean.

Ez nazazu zeurekin eraman,
nahiago dut hemen geratu,
kafe makina,
etxeko giltzak
eta lanpas zaharraren alboan.

Ez nazazu ezagutzen ditudan
gauzetatik aldendu,
ikasi dut haien ertzak saihesten
ezagun ditut haien usainak,
haien egur zaharrak,
haien metal berriak.

Ez nazazu urrundu aharrausietatik
igogailuko hizketaldi hutsaletatik
familiako bazkarietatik
programatutako sexutik
betiko autobusa hartu aurretiko
pazientzia ezetik.

Ez nazazu begiratu,
zure begien tontorrean
arriskuren bat dagoelako,
ziur,
izotza, elur-jausi bat,
uholde bat,
berarekin eramango dituena
aulkiak, landareak, erosketa zerrendak, sardexkak, liburuak,
babesten nauten
benetako gauza guztiak.

Hitz horiek

Nahiko nituzke hitzak
biluzik.
Ume batek lehenbiziko
aldiz erabiltzen ditueneko
zentzuaz.
Nahiko nituzke hitzak
arrautza-irinetan pasatu gabe,
uretatik atera berritako
arrainak bezain distiratsu.
Nahiko nituzke paretan gogor
jotzen duten pilotak,
oihartzuna sortu eta
bizi-bizi bueltan datozenak.
Nahiko nituzke
urdail barreneko hitzak,
azukrerik gabekoak,
uxualaren egia dutenak,
aldi berean eder
eta deserosoak,
aldi berean irrika eta
bihotzerrea sortzen dutenak.
Nahiko nituzke
haragi bihurtzen diren hitzak,
erditze gelako
jaioberri likatsuaren antzera,
bizitzen hasi baino lehen
bizitzak zikinduta daudenak.

Adituen arabera

Maitasunak
lixiba usaina du,
sukaldeko lapikoena,
patioan eskegitako izarena.

Maitasunak
xarabe usaina du,
eskuetako kremarena,
domeketako koloniarena.

Maitasunak
etxeko arropen usaina du,
txikoriadun kafearena,
armairuko kanforrarena.

Adituen arabera
Barne-barneko Produktu Gordinaren
% 85 gutxienez
etxe barruan
ekoizten da.

Arbasoak

Zure arbasoen
zer
geratzen zaizu?
Zer esango luke zure
birraitonak
zentro komertzial honetako
argi zurien pean
aurkituko bazenu.
Zer esango zenioke zuk
aitaren etxea
defendatu zuen
gizonari
eskuetan Zarako
poltsak zintzilik dituzula?

Zure arbasoen
zer
geratzen zaizu?
Nola azalduko zenioke
zure amonari
ezin duzula aurkitu haren
zurrukutunaren errezeta
McDonaldseko bandejan
dituzun kartoi, plastikozko sardexka,
jostailu, tetra briken artean?

Zure arbasoen
zer
geratzen zaizu,
txakurrari
zatoz hona
esateko
erabiltzen duzun hizkuntza ez bada?

 

Urrezko hagina

Sinetsi gabe
emandako kontsolamendua,
esku antzezle bat lagunaren sorbalda igurzten,
ulertzen dut esaten duten arku formako bekainak,
hasperena,
lurrera begiratzea,
gaur erosi behar dituzun zapatek
ematen dizuten poza
ezkutatzen saiatzea,
eta pena erakustea,
pena handia.

Frutaria zara
sagar zimelduari begira.
Ez dago erremediorik,
baina hitz hutsalez
bete behar duzu
errukiaren puxika;
ez dago erremediorik
baina ipurdi errea
talko hautsez
estali behar duzu.

Ez dago
sufritzera kondenatua dagoena
kontsolatzerik
iruzurgile sentitu gabe,
ez dago ezkutatzerik
momentu batetik bestera
agertuko den
zure urrezko haginaren distira.

Nire herria

Nire herriko zerua ez da laua,
hodeiek loditzen dute.
Ezer ez da laua nire herrian,
zenbat gris ezkutatzen den hodei bakoitzean.
Nire herriko zeruak pisu handia du,
justu hemen,
sorbaldaren eta lepoaren artean,
nabaritzen da gehien,
eta hodeiak,
nire herrian,
beti daude norbaiten gainean
deskargatzeko prest.
Nire herriko lurra
milaka zimurretan
dago tolestua,
eta tolesduren gerizpetan
biziraun du nire herriko hitzak.
Nire herriko jaioberriek
zaharren ahotsa dute.
Nire herriko hitz asko
lur azpian daude.
Kanposantuan hasi dira
elkarrizketa asko
nire herrian.