Ez dut gogoratzen

Ez ditut gogoratzen
esan zenizkidan hitzak,
ezta esan nizkizunak ere.
Ziurrenik
zelan geunden galdetu genion elkarri
erantzunetan egiarik jasotzeko itxaropenik gabe.
Ziurrenik gure lanez
hitz egingo genuen,
edo osasunaz:
zelan zoaz kontu horrekin?

Ez dut gogoratzen
ze egunetan egin genuen topo,
ezta non,
nora nindoan,
nondik nentorren.

Ez ditut gogoratzen
egun horretako egunkarien lerro-buruak,
ziurrenez norbaitek indarkeriaren bat gaitzetsiko zuen
edo norbaiti eskatuko zioten
indarkeriaren bat gaitzesteko.

Ez dut gogoratzen orduan bizarra zenuen
edo modetatik libre
afeitatua zeunden ordurako.

Gauza bakarra gogoratzen dut:
eskua pasatu zenidala
beso biluzitik.

Ordutik
hego haizeak agintzen dit
zer gogoratu
eta zer ez.

 

Orain hilak ditugu

Orain hilak ditugu.
Hildako lagunak,
hildako ama edo aita.
Orain badakigu
zer egin behar den,
nora deitu,
zenbat balio duen
lore-koroa batek.

Orduan
hegan irteten ziren
marigorringoak
gure eskuetatik,
eta gure atzamarren artean
bizirik irauten zuen
sugandilaren buztanak.
Orain balkoiko geranioak hil zaizkigu,
eta zakarrontzira bota ditugu
loreontzi gorri eta guzti.

Orduan norbaitekin ginen,
norbaitentzat,
norbaitek gure izena esan
eta presente
erantzuten genuen.

Orain lagun batek deitu dizu,
inork deitzen ez dizunean,
laguntza eskatuz.
Bikote ohiak mehatxatu du
eta bakarrik dago
eta ez-zekien-zer-egin
eta ez-zekien-nori-deitu.

Orain bakarrik gaude.
Orain hilak ditugu lagun,
eta badakigu zer egin behar den.

Orduan ez genekien bizikletan ibiltzen.
Orain ere ez.