Arbasoak

Zure arbasoen
zer
geratzen zaizu?
Zer esango luke zure
birraitonak
zentro komertzial honetako
argi zurien pean
aurkituko bazenu.
Zer esango zenioke zuk
aitaren etxea
defendatu zuen
gizonari
eskuetan Zarako
poltsak zintzilik dituzula?

Zure arbasoen
zer
geratzen zaizu?
Nola azalduko zenioke
zure amonari
ezin duzula aurkitu haren
zurrukutunaren errezeta
McDonaldseko bandejan
dituzun kartoi, plastikozko sardexka,
jostailu, tetra briken artean?

Zure arbasoen
zer
geratzen zaizu,
txakurrari
zatoz hona
esateko
erabiltzen duzun hizkuntza ez bada?

 

Urrezko hagina

Sinetsi gabe
emandako kontsolamendua,
esku antzezle bat lagunaren sorbalda igurzten,
ulertzen dut esaten duten arku formako bekainak,
hasperena,
lurrera begiratzea,
gaur erosi behar dituzun zapatek
ematen dizuten poza
ezkutatzen saiatzea,
eta pena erakustea,
pena handia.

Frutaria zara
sagar zimelduari begira.
Ez dago erremediorik,
baina hitz hutsalez
bete behar duzu
errukiaren puxika;
ez dago erremediorik
baina ipurdi errea
talko hautsez
estali behar duzu.

Ez dago
sufritzera kondenatua dagoena
kontsolatzerik
iruzurgile sentitu gabe,
ez dago ezkutatzerik
momentu batetik bestera
agertuko den
zure urrezko haginaren distira.

Nire herria

Nire herriko zerua ez da laua,
hodeiek loditzen dute.
Ezer ez da laua nire herrian,
zenbat gris ezkutatzen den hodei bakoitzean.
Nire herriko zeruak pisu handia du,
justu hemen,
sorbaldaren eta lepoaren artean,
nabaritzen da gehien,
eta hodeiak,
nire herrian,
beti daude norbaiten gainean
deskargatzeko prest.
Nire herriko lurra
milaka zimurretan
dago tolestua,
eta tolesduren gerizpetan
biziraun du nire herriko hitzak.
Nire herriko jaioberriek
zaharren ahotsa dute.
Nire herriko hitz asko
lur azpian daude.
Kanposantuan hasi dira
elkarrizketa asko
nire herrian.