Dekoratua

Benetan gara zoriontsu etxe honetan, ezta?
Altzari hauekin
beste bat ematen du,
ez du lehenengoz erakutsi zigutenaren
batere antzik.
Hemen bizi zen atsoak
berarekin eraman zituen
koadro zahar haiek,
eskaizko sofa hura,
katu usaina,
eta sartu ginenerako
zorionez
kobazulo baten
antz gutxiago zuen.

Benetan gara zoriontsu, ezta?
Inoiz elkarrekin biziko ginela
amestu nuen batean.
Eskua lehenbiziko aldiz
eman zenidan egunean izan zen,
kaletik gindoazen eta
manifestazio bat pasa zitzaigun albotik,
gogoratuko duzu,
greba orokor horietako bat zen.
Milaka papertxo bota zituzten airera
eta haietako bat oinetakoaren zolan itsatsita
heldu nintzen etxera.

Benetan gara zoriontsu etxe honetan.
Bazkalorduan
sekulako argia sartzen da leihotik
eta iragarkietan agertzen diren
etxebizitza horietako bat ematen du.
Egia esan
altzari berri hauekin
eta atsoarekin batera hemendik atera zituzten
gortina lodi haiek kenduta,
jada ez dauka
bankuak saldu zigun
pisuaren batere antzik, ezta?

Harmonia

 

Kafe usaina esnatzean,
kikaren hotsa sukaldean,
eguzkia bihurguneak marrazten
atzo ezagutu nituen izaretan.

Zure usainaren gainean etzanda
keinu egin diet
gure pasioaren lekuko izan diren
gelako koadroei.

Zuhaitzaren adarrak leihoan joka,
mahaitxoaren gaineko iratzargailua
bat, bi, hiru, lau
diapasoi bihurtuta.

Oin hutsen pausoak
entzun ditut
korridorean.
Gosariaren bandejarekin zatoz
bere kafe,
esne,
ogi egin berri
eta egunkari odoleztatuarekin,
goiz harmoniko honetan.

Hitz horiek

Nahiko nituzke hitzak
biluzik.
Ume batek lehenbiziko
aldiz erabiltzen ditueneko
zentzuaz.
Nahiko nituzke hitzak
arrautza-irinetan pasatu gabe,
uretatik atera berritako
arrainak bezain distiratsu.
Nahiko nituzke paretan gogor
jotzen duten pilotak,
oihartzuna sortu eta
bizi-bizi bueltan datozenak.
Nahiko nituzke
urdail barreneko hitzak,
azukrerik gabekoak,
uxualaren egia dutenak,
aldi berean eder
eta deserosoak,
aldi berean irrika eta
bihotzerrea sortzen dutenak.
Nahiko nituzke
haragi bihurtzen diren hitzak,
erditze gelako
jaioberri likatsuaren antzera,
bizitzen hasi baino lehen
bizitzak zikinduta daudenak.