Puntu eta koma

Puntu eta koma puntuazio marka desagertzear dagoela irakurri dut. Teklatuan idazten dugunetik, antza, ahaztu egin dugu puntu eta koma, ez dugu ia erabiltzen. Eta haren ordez, edonon ikusi ditzakegu galdera eta harridura ikurren errenkada, ez baitugu nahikoa esaldiaren bukaeran bat idaztearekin, eta bi eta hiru eta lau idazten ditugu gure mezu gero eta laburragoetan.
Hitz eginez baino oihuka komunikatzeko joera hartu duen mundu batean bizi gara, eta horrek eragina du gure idazteko moduan. Borroka hasteko prest dauden ezpatak diruditen harridura ikurren errenkada horiekin batera, gainera, maiuskulaz idazteko joera ere haziz doa, horrela gure ahotsa ozenago entzutea lortuko bagenu bezala.
Berehalakotasunaren munduan bizi gara, eta puntu eta komak gure mezua geldiarazten duela ematen du, ez dugu pazientzia nahikorik horretarako; gauzen konplexutasuna erakusteko gero eta leku estuagoa eskaintzen digun munduan bizi gara, eta hortik dator puntuaren arrakasta, esaldia eta kitto batekin bukatzea bezalakoa delako; irmotasunari balioa absolutua ematen dion eta zalantza ahulezia bezala agertzen duen mundu batean bizi gara; zalantzak munduaren misterioa ulertzen laguntzeko duen potentzialtasuna gutxiesten duen mundu batean.
Puntu eta komaren desagertzeari buruz ohartzen nauen artikuluan Filologia Romanikoan doktorea den Paz Battanerren esaldi bat aipatzen da: “Koma arrunt eta puntu irmoaren aurrean, idatzitako diskurtsoa fintasun handiagoz ordenatzeko doitasun-tresna txiki bat da puntu eta koma”. Anjel Lertxundik ere artikulu bat eskaini zion puntu eta komari, “puntuaren pausa luzearen eta komaren arnas laburraren arteko ur bietan ito beharrean” dabilen puntuazio marka horri.
Aurpegia arimaren ispilu baldin bada, idazketa garai bakoitzaren isla ere bada. Nola idazten dugun, horrela bizi gara. Eta iruditzen zait ñabardurak galtzen goazela, tonua, adierazteko aberastasuna; eta hutsune hori betetzeko erabiltzen ditugu harridura ikur amaigabeak, edo oihu egiten duten maiuskula horiek. Bitartean, hor dugu puntu eta koma, zain, esaldi batean bere funtzioa betetzeko gogoz, baina guk, bitartean, keinu egiten duen emotikono bat marrazteko bakarrik eskatzen diogu laguntza.

Abuztuan elurra

Beti entzun dut etxean zein garrantzitsua den gauzak bere garaian egitea. Hobe dela gaztetan parrandan ibiltzea nagusitan lehenbizikoz gauetan irteten hasi baino, adibidez. Eta halakoak. Ez zaizkit inoiz orokortasunak gustatu, bakoitzak erabaki behar duelako non eta noiz egin gauzak, baina egia da gauzak garaiz kanpo datozkigunean, garai batean ona edo normala izan zitekeena, elementu distortsionatzaile bihurtu daitekeela.
Naturaren legeak ere oinarrizko ardatz du garaian garaikoa. Neguan, iparra eta hostorik gabeko arbolak; udaberrian, kimuetatik indarrez hazi diren loreak; udan, amaigabeko eguzki eta egunak; udazkenean, baso gorri-horiak… Eta sasoi batean normala dena, lekuz kanpo dago beste batean. Abuztuan elurra, adibidez.
Heriotza denon helmuga izango da. Eta ezagun baten heriotzak beti eragiten badigu mina ere, heriotza ez dagokionean etortzen denean, orduan, gure bizitzaren ustezko armonia naturala eten egiten da.
Aste honetan lagun bat hil da, bat batean. Eta abuztuko hondartzak elurrez bete dira. Heriotza beti da mingarria bai, baina ezorduan datorrenean, naturaren legeei aurre egiten dienean, bizitza baten erdigunean gertatzen denean, orduan, mingarria izateaz gain, jasaezina egiten zaigu, onartezina.
Eta hala ere, hor daude, apirilean, lorez betetako arbolak, hor dago eguzkia itsas bazterretan dir dir eginez, hor hego haizearen laztana oraindik bizirik dauden gure aurpegietan. Idatzi behar nuen zaila egiten dela hainbesteko edertasuna baloratu eta gozatzea bihotzean elurtutako hondartza bat duzunean, baina ez, konturatu naiz guztiz alderatzizkoa gertatzen zaigula. Halakoetan, inoiz baino indartsuagoa iruditzen zaigu bizitzaren edertasuna, nahiz eta edertasun mingarria izan, eta inoiz baino ageriago geratzen da bizitzaren balioa, une batetik bestera galdu dezakegun altxorra dela egiaztatzen dugulako. Agur eta ohore, Aitor. Besarkada infinitua familiarentzat.

Edertasuna

Autobusera igo eta jendearen aurpegiek errutinaren eta bete gabeko ametsen begirada bueltatzen didate. Leihotik begiratu eta alboko autoan doan gidaria ikusten dut. Auto barruan sortutako ke eta umore txarreko hodei horretan, zigarroa baino, gizona bera doa kontsumitzen. Hurrengo geltokian, emakume bat, begirada galdua, azazkalei haginka dago. Edo bere kezkei ari da haginka? Atari batetik bikote bat irten da, elkarri garrasika, euren alabatxoaren begiradapean. Albotik, ume-aulkitxo bati bultzaka doan emakume bat igaro da, estutasun begiradarekin, eskutik helduta daraman beste semea negar algaraka ari den bitartean. Neska bat ikusi dut, nerabe bat, zebra igarobidetik pasatzen, negarrez, zotinka, mugikorretik hitz egiten duen bitartean.
Ingurura begiratzen dut, eta barka, baina sufrimendu asko ikusten dut. Bizitzak urratutako aurpegiak ikusten ditut, kezkek zaildutako bekokiak, lanak higaturiko esku eta begiradak, eguneroko borrokaren hortz estutuak.
Eta errealitate honek talka egiten du ikusten ditudan markesinetan iragartzen diren bizitzekin, edo aldizkarietan eta telebistan ikusten ditudan zoriontasun, gozamen eta perfekzio ereduekin. Nola da posible arraila han sakona izatea, talka hain izugarria izatea? Nola heldu gara saltzen diguten edertasun faltsu hori sinestera eta errudun sentitzera gure bizitzak ez direlako halakoak, gure gorputzek ez dutelako erakusten diguten horiekin zerikusirik, ez garelako bizi etengabeko irribarre batean? Iruzurra da edertasun hori, faltsua, eta ez dauka zerikusirik benetako bizitzarekin.
Benetako bizitzan sufrimendua ikusten dut, baina hala ere, autobusetik jaitsi eta aurreko zuhaitzari udaberria iragartzen duten lore zuri txiki horiek atera zaizkiola ikusi dut. Eta orduan pentsatu dut baietz, existitzen dela benetako edertasun bat, lore horietan antzeman dezakeguna, edo musikan, artean, besarkada batean, elkartasun keinu batean, muxu zintzo batean, ondo egindako lanak eragindako pozean, eguzkipean berotzen den gure azalaren usainean… Eta edertasun hori ez, ez da sartzen publizitate markesina batean; eta bai, aurrera egiteak merezi duela erakusten digu.

Ez daki ezer

Andreak ez daki zer erantzun medikuak egin dion galderari. “Eta nola nahiago duzu hartzea botika, uretan nahastuta ala pilula batean?”. Emakumeak: “Ez dakit, zuek jakingo duzue, nik ez dakit ezer”.  Berarekin batera ospitalean gaua egin duen alabari begiratu dio, laguntza eske, baina alabak medikuaren galdera errepikatzea baino ez du egin: “Ama, ea uretan nahastekoa ala pastilla nahiago duzun”. Emakumeak zalantzati jarraitzen du: “Zuek jakingo duzue zer den hobe, nik ez dut ulertzen”.
Alboko ohetik ari naiz elkarrizketa entzuten, eta bi esaldi geratu zaizkit iltzatuta: “Nik ez dakit ezer” eta “nik ez dut ulertzen”. Emakumearen erantzuna bi arrazoi nagusitan oinarritzen dela pentsatu dut. Batetik, ez dago ohituta zer nahi duen galderari erantzuten. Zer nahiago duen galdera ez diote askotan egin. Aldiz, bera izan da, bere belaunaldiko emakume gehienak bezala, besteei galdetu izan diena beti zer nahi duten, zer nahiago duten, eta haien nahiak betetzen saiatu dena.
Eta bestetik, emakumeari oso gutxitan esan diote asko dakiela, oso gutxitan errekonozitu dizkiote bere ahalmenak, bere abilezia, duen jakintza.  Eta, are gehiago, ziur askotan gorde duela bere iritzia, honetaz edo hartaz ez dakiela aurpegiratu diotelako behin baino gehiagotan.
Emakumeak, baina, asko daki, eta bereziki da trebea hainbat lan guztiz garrantzitsu eta gizartearentzako funtsezkoak egiten. Mediku baten antzera zaindu eta osatu ditu ingurukoak, etxea kudeatu du gestoria baten profesionaltasunaz, ekonomista baten antzera eraman ditu etxeko kontuak (une on eta ez hain onetan), psikiatra lanak ere egin ditu (entzun, lagundu, aholkatu…), gelak berregituratu ditu diseinatzaile onenaren antzera eta arropak konpondu jostun baten abileziaz… Zerrenda bukaezina da. Eta hala eta guztiz ere, emakumeak “ez daki ezer”. Eta hor dago, medikuari begira, begietan bi esaldi dituela: “Zuek dakizue. Zuen esanetara nago”.
Bada justizia egiteko ordua.