Flâneur

Walter Benjamini esker bihurtu zen ospetsu flâneur delakoaren figura. Honek Charles Baudelaire poetarengatik hartu zuen. Badirudi, egun hauetan paseatzeko eta mundua behatzeko artea lantzen duen pertsonaia hori gure kale, plaza eta parkeetan berpiztu egin dela. Baudelaireren arabera, “Flâneur perfektuarentzat, behatzaile grinatsuarentzat, sekulako poza da mundua ikustea, munduaren erdian egotea, eta, hala ere, oharkabean pasatzea”. Haren ondoren, Walter Benjamin filosofoak pertsonaia honi buruz hausnartu zuen, beste ikuspegi bat emanez: kapitalismoari boikota egiteko bide gisa, hain zuzen ere, helbururik gabe, kontsumitu gabe, merkantzia izan gabe paseatzen duelako. 

Egun hauetan behin baino gehiagotan pentsatu dut egoera honek zenbat jende bultzatu duen aurretik egiten ez zuen jarduera bat egitera, hau da, paseatzera; eta paseatzeko ohitura zutenen artean ere egoera honek aldatu ote dien paseatzeko modua. Jakin nahiko nuke itxialdiaren ondoren eta orain bizi dugun erdi-askatasun egoera honetan, paseatzaileek sentsazio berriak izan dituzten, uneren batean begiak itxita gogoz hartu ote duten arnasa, sentitu ote duten hego haizearen laztana masailetan, eta ile artean; antzeman ote duten haizea zuhaitzen keinu okertuan edo soroetako itsas tankerako mugimenduan; erreparatu dieten hostoei, itzalei, distirei; entzun ote dituzten atentzioz txorien txioak, lagunduta paseatzen ari direnen marmarrak… Neure buruari galdetzen diot egun hauetan han eta hemen ikusten dugun ibiltariaren figurak ba ote duen flâneur haren antzik, zeinarentzat ibiltzea filosofia bat eta bizitza ulertzeko modu bat zen. Izan ere, flâneur delakoak ingurura begiratzen du, baina ez edozein modutan, aldi berean kanpora eta barrura begiratzen baitu, jakin badakielako bere subjektibotasuna inguruan duen guztiarekin dagoela harremanetan. Nire buruari galdetzen diot ea egun hauetan beste inor gehiagok egin duen bat honako ustearekin: alferrekoak izateak berak bihurtzen dituela gauza asko eder.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s