Gaixotasunak

Zenbat aldiz entzun dudan egun hauetan gero eta gutxiago falta zaigula etxetik irteteko eta maite dugun jendea besarkatzeko, musukatzeko, lagunekin elkartzeko, taberna batean elkarrekin zerbait hartzeko… Ez dakit beti gauzen atzealdea edo itzalgunea ikusteko dudan joeragatik ote den (birusak eragindako egoera honen ondorioz nigan areagotuz doan joera), baina egun hauetan pentsatu dut zenbat jende geratzen den errealitate horretatik kanpo, hain zuzen ere, kanpoan ez duelako nor besarkatu, musukatu edo norekin irten zerbait hartzera.
Jende asko bakarrik dago. Pertsona askok ez dute koadrila bat zeinekin irten, ez dute harreman sozialik ia, lankideekin duten harreman adeitsua edo igogailuan bizilagunekin duten berbaldietatik harago. Egun hauetan jende askok sentitu duen bakardadea urte osoan zehar sentitzen dute pertsona askok, etxean eta kalean, inolako birusen beharrik gabe. Iragarkietan eta albistegietan laster helduko diren besarkada eta muxuei buruz hitz egiten dutenean, konturatzen naiz askotan hitz egiten dugula pertsonei buruz denok berdinak bagina bezala edo egoera berdinean biziko bagina bezala, eta, ondorioz, “normaltzat” jotzen den eredu horretatik kanpo geratzen direnak arrotz sentitzen dira, baita gertatzen zaienaren errudun ere kasu askotan.
Birusak eragindako egoera honek gure gizartea biluztu du hein handi batean, baina baita gutariko bakoitza ere. Egun hauetan egiaztatzen ari gara, adibidez, zein den gure harremanen oinarrizko zirkulua, benetakoa, eta zein pertsonen falta sumatzen dugun gehien, zein pisu duten batzuek eta besteek gure bizitzan. Errebelatzailea izaten ari da, gure kontaktuak agenda batetik bestera pasatzen ditugunean bezala. Hor ikusten baitugu zein zenbaki pasatzen diren agenda berrira eta zeintzuk ez. Pandemia honen ondorioz agerian geratzen ari dira gizartearen gabezia asko, baina baita gutariko bakoitzaren gabeziak eta ahuluneak. Gure beste gaixotasunak.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s