Erlojua

Duela gutxi aitaren erlojua zena oparitu zidaten. Beti soinean ezagutu diogun erlojua da. Egongelako apal baten gainean daukat orain. Gure eguneroko bizitza behatzen du handik. Eta etxean hogeita lau orduak igaro behar ditugunetik, oraindik indartsuagoa egiten ari zait haren presentzia, eta ez bakarrik arrazoi sentimentalengandik, denboraren inguruko hausnarketa piztu didalako baizik.
Esan dezaket egun hauetan zeregin asko ditudala, baina hala ere, zereginak beste modu batera egiten hasi naiz. Arropa balkoian eskegitzea, adibidez. Beti korrika eta presaka egiten dudan zerbait, bat batean, nigan arrotza den halako kadentzia batekin egiten hasi naiz. Arropak eskegitzeari bere zeremoniatxoa eskaini nahiko banio bezala. Galtzerdiak eta kamisetak modu askotara eskegi daitezkela konturatuta bezala, ondo pentsatzen dut pieza bakoitza non jarri. Zein zeinen alboan, zein aurrean zein atzean. Kolore eta tamaina ezberdinetako piezekin artelan bat egiten nagoela sentitu dut uneren batean. Ezinezko eszena krisi honen aurreko nire bizitzan.
Aitaren erlojuak eta konfinamendu egoera honek halako tempo ezberdin bat ekarri dute etxera, aitak erloju hori soinean zeraman garaikoa, pentsatu dut. Eta gogoratu dut argazki zahar bat. Bertan nire aita agertzen da, hogei urte izango ditu, beste gazte batzuekin batera, Lekeitioko moilan eserita itsasoari begira, ezer berezirik egin gabe, begira besterik ez. Denborarekin adiskidetuta bezala.
Krisi honek gauza asko erakutsiko dizkigu eta lezio bat denborarena izango da. Denbora adiskide izatetik, arerio izatera pasatu den garai batean murgilduta bizi gara. Nolatan asmatu dugu denbora “galtzearen” ideia? Ematen al diogu geure buruari aspertzeko baimena? Ematen al diogu egiten dugun gauza bakoitzari merezi duen denbora? Zergatik ez eskaini gure ekintza arruntenei ere bere zeremoniatxoa?
Aitaren erlojuari begiratu diot berriz ere. Orratzak geldi, hamabiak eta bost minututan. Noiz gelditu zen denbora hura? Inoiz bueltatuko da? Utziko al diogu bueltatzen guzti hau bukatzen denean?

3 thoughts on “Erlojua

  1. Krisi honek gauza asko erakutsiko badizkigu ere, horiengandik zerbait ikasiko dugu? Nire ustez, denbora pasa ahala gauza txarrak ahaztuko ditugu eta orokorrean krisi honen aurretik genuen jokaerara bueltatuko gara.

    Like

  2. Krisi honek gauza asko erakutsiko badizkigu ere, horiengandik zerbait ikasiko dugu? Nire ustez, denbora pasa ahala gauza txarrak ahaztuko ditugu eta orokorrean, tamalez, krisi honen aurretik genuen jokaerara bueltatuko gara.

    Like

  3. Zure artikuluak irakurtzean buruan ia entzun ezin ditudan hausnarketak eta pentsamenduak irakurtzen ditudala iruditzen zait.

    Neri ere iruditzen zait lehen egiten nituen gauza berdinei arreta ezberdina jartzen dietela. Gauzak nola egin behar diren (edo irakatsi diguten) formulan “denbora”-k parte hartuko ez balu bezela… Ez du inporta ordubete, bi edo hiru ordu behar izatia, ez du inporta 12htan, 22htan egitea…

    Eta gustatzen zait, horrela jarraitu nahi dut. Normaltasunera bueltatu ahala, denbora beste era batera baloratuko dudala usten dut.

    Eskerrik asko partekatzen dituzun hitzengatik .

    Like

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s