Ebaki bat

Ebaki bat eskatu duzu, eta berriro ere kafesne txiki bat atera dizute. Ez zaizu gustatzen, esnea gorroto duzu, zure kafean esne hodei bat baino ez duzu onartzen, baina, hala ere, ebakia hartu duzu, eta tabernatik atera zara esnea zure urdailean iraultzen ari dela sentituz. Larria sentitu duzu. Eta haserretu egin zara. Zerbitzariarekin haserretu zara (egia esateko, munduarekin) baina benetan zeure buruarekin haserretu beharko zenuke, ez duzulako ausardiarik izan esateko ez duzula kafesnea eskatu, esnearekin ebakitako kafe bat baizik. Ebaki bat, izenak berak dion bezala. Bihar beste taberna batera joango zara, eta ebakiaren ordez beste kafesne txiki bat ematen badizute, berriro irentsiko duzu?
Entrenatuta zaude eskatu ez duzuna jasotzen, beraz, ziurrenez berriz irentsiko duzu. Ohituta zaude gustuko ez dituzun gauzak irensten. Esperientzia handia duzu, adibidez, errukia onartzen animoak eskatzen zenituenean, piropo bat onartzen benetan errekonozimendua eskatzen zenuenean, adiskidetasuna onartzen maitasuna behar zenuenean, isiltasuna onartzen esker ona espero zenuenean …
Eta zeure buruari galdetzen diozu ea merezi duen tematzea. Norbaiti berengandik nahi duzuna behin eta berriz eskatzea, zer eskatzen duzun axola ez bazaio, eskatzen duzuna entzuten ere ez badu. Eskatzen diozuna eman beharrean, eman nahi dizuten hori bakarrik eskaintzen dizunean.
Zerbitzari horrek egin duen bezala. Ebakia zer den ulertzen ez duen zerbitzari horrek. Agian bihar bertan bere tabernara itzuliko zara eta ebakia eskatu beharrean kafe hutsa eskatuko diozu, eta kikara zure aurrean jartzen duenean esango diozu ea esne tanta bat bota ahal dizun. Agian estrategia aldatzean dago gakoa. Nahi duzuna zuzenean ez eskatzea izan daiteke agian irtenbidea. Adiskidetasuna nahi duzula ikusaraztea, benetan maitasuna nahi duzunean; piropo baten bila zabiltzala erakustea, benetan errekonozimendua nahi duzunean.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s