Asmakizunak

Oraindik urtearen errepasoa ixteko goiz dela onartu arren, Alaznek esan dit berak 2019a gogoratuko duela poz handia eman dioten bi aurkikuntzengatik. Irribarrez esan dit. Batek, antza, adimenarekin, buruarekin, du zerikusia; eta besteak gorputzarekin.
Lehena Itzultzaile Automatiko Neuronala da, berriki aurkeztu dena. Inteligentzia Artifizialetik abiatuta sortutako itzultzailea da, eta urteetan bildutako itzulpen memoriei esker, kalitate handiko emaitzak eskaintzenditu. Euforiaz kontatu didanez, gaztelaniazko paragrafo bat sartu eta euskarara ia perfektua itzultzen zuela egiaztatu zuen egunean, ordenagailuko pantailari musuak ematen hasi zen. Zenbat denbora eta ahalegin aurreztuko zion asmakizun horrek.
Eta beste aurkikuntzari dagokionez… Alaznek barre egin du. Eta nik ere bai, badakidalako zer esango didan. Hitz egingo dit azkenaldian ezagutzen ditudan emakume askok aipatzen didaten aparatu famatuaz. Bai, hala da, Alaznek ere, beste hainbat emakumek bezala, klitori xurgatzaile ospetsua deskubritu du. “Baina nik ez dut erosi txinatar hori, suediarra baizik, askoz hobea dena, alde izugarria dago…”, esan dit belarrira. Eta barre egin dugu. Hogei urte genituenean bezala egin dugu barre.
Pozten nau laguna horrela ikusteak. Eta haren poztasunean pentsatu dut, merezia, baina baita besteentzat zerbait asmatzen duten pertsonek sentitu behar duten poztasunean ere. Orduak pasatzen dituzte diseinatzen, probatzen, eraikitzen, ikasten, asmatzen eta huts egiten, proiektu bat, asmakizun bat, norbaiti alaitasunen bat eman diezaiokeen sorkuntza berri bat aurrera ateratzeko.
“Zientziak aurrera egiten du. Gora zientzia!”, bota du Alaznek, barrezka oraindik, alde egin aurretik. Eta pentsatu dut: hara, itzultzaile neuronalak benetan poztu du nire laguna. Probatu egin beharko dut ba

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s