Harrizko bihotza

Harrizko bihotza izatea desiratu duzu hainbat aldiz. Blindatutako bihotz bat. Baina zure bihotzaren taupadek zure gorputzeko atal guztiak urratzen dituzte. Zure bihotza akordeoi baten antzera estutu eta zabaltzen da. Zurea bihotz sentikorra da: zoriontasuna ukitzen duenean luma airean bezala egiten du hegan; gaizki tratatua denean edo norbaitengatik sufritzen duenean orratzen ziztadek zauritzen dute.

Beti pentsatu duzu desabantaila dela. Errazago bizi daitekeela harrizko bihotz batekin, beti erritmo berean taupada egiten duen eta gehiegi sentitzen ez duen bihotz batekin. Mundua halakoentzat pentsatua dagoela pentsatu duzu, paparraren azpian harkaitz bat ezkutatzen dutenentzat: eskrupulu faltak botere gorenera heltzen laguntzen die kasu askotan, sentsibilitate falta dutenez amodioak ez die sufrimendurik eragiten, zalantzarik eta alhaldurarik ez dutenez, euren buruaren balorazio ona egiten dute beti. 

Baina gaur iritziz aldatzen hasi zara, Antonio Gamoneda poeta handiari egindako elkarrizketa bat irakurri duzunean. Gamonedak dio batzuek poesia Estatuko Buletin Ofiziala balitz bezala ulertu nahi dutela eta hori ezinezkoa dela. Ezin dela modu logiko eta lineal batean ulertzen saiatu, poesia fruitu baten modukoa baita, zentzumenekin dastatu behar dela, gero zer den ulertzen saiatzeko. Hori irakurtzean pentsatu duzu bizitza ere zaila dela modu logiko batean ulertzen, bizitza dastatu eta sentitu daitekeela soilik. Eta harrizko bihotzek hain desgaitasun sentimental handia dute ez dute inoiz deskubrituko hasperen nostalgiko baten azpian ezkutatzen den edertasuna, edo emozioak etendako ahots baten atzean ezkutatzen den egia, edo bi begirada gurutzatzen direnean sortu daitekeen sua, edo elkarbanatutako irribarre batek gordetzen duen bakea. Harrizko bihotzentzat bizitza errazagoa izango da agian, gutxiago sufriutuko dute, baina bizitza bera dastatu gabe joango dira mundu honetatik. Hau da, ezertxo ere ulertu gabe.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s