Denbora

Denbora baino ez gara, esan dit, begietara begira. Eta haren begiradaren sakontasunak zauria eragin dit sabelean. Nire lagunak berrogeita hamazortzi urte bete ditu eta elkarrekin kafe bat hartzen ari garela bere ezinegona aitortu dit, denborak atzamarren artetik ihes egiten diola sentitzen duelako. Eta, urduri, kafeari kosmosa balitz bezala bueltak ematen dizkion bitartean, bere begi handi eta sakonetan iruditu zait gizateria osoaren historia islatzen dela, eta bat batean, han ikusi ditut hainbat gizon eta emakume jaiotzen eta hiltzen, elkar maitatzen eta gorrotatzen, barreak eta negarrak, zeruan abiaduran doazen hodeiak, orain hostotsu eta orain biluzik dauden arbolak…bizitza osoa nire aurrean igarotzen begirada baten barruan.

Bere gorputzaz hitz egin dit, denborak utzi dizkion arrastoei buruz, eta aitortu dit, banatu zenetik hainbeste urte igaro ondoren, batzuetan izaten duela harreman berri bat hasteko tentazioa, laneko gizon bat gustatzen zaiola, baina ez dela ausartzen bere gorputz biluzia inori erakusten. Nork desiratuko du halako gorputz bat, tentsiorik gabekoa, behin arropa kenduta molderik gabeko masa baten moduan zabaltzen dena.

Hitz egiten didan bitartean, mahai gainean dagoen egunkariko azalean ingurugiroari buruzko txosten baten berri ematen dutela ikusi dut. Egungo garapen ereduak eta planetaren biziraupenak talka egiten dute. Hala jarraituz gero, munduak, nire lagunak bezala, iraungitze data duela pentsatu dut. Eta burura etorri zait Thoreauren esaldi bat: “Eutsi denborari. Jarraitu itzazue unibertsoaren orduak, ez trenenak”. Orduan lagunari galdetu diot ea zergatik ez dituen erlojuak ahazten eta ez dion eusten denborari gustatzen zaion lankide horren inguruan. Zergatik ez den saiatzen desio hori dastatzen, bizirik dagoen desio bat, bere gorputzak ere bizirik dagoen seinale. Orduan lagunak begi-bazterretik begiratu dit, konplizitatez, eta bat batean, bere begiradaren distiran ozeano baten indarra sentitu dut, dena bits zuriz estaltzen duen olatu handi bat… Bat batean, haren begiradan munduaren salbazioa ikusi dut.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s