Edertasuna

Edertasuna perfume iragarki batean sartu dugu, iragarki bihurtu dugu. Edertasuna. Hain da handia eta esanahi sakoneko hitza… Gure mundu honetan, baina, bahituta dago, itxurakeriaren eta azalkeriaren esanetara jarri dugu. Hainbeste gorputz eta aurpegi eder ikusi ditugu iragarkietan, edertasun hitza emakume edo gizon baten edertasun eta perfekzio fisikoarekin lotzen dugu gehienetan. Askotan erabiltzen dugu edertasun hitza inteligentzia edo nortasunaren kontrakoa balitz bezala, gainera.
Edertasun hitza bahitu digute. Bakarrik azaleko zerbait balitz bezala erabiliz, gimnasio batean, edo perfumeria batean erosi dezakegun zerbait balitz bezala. Benetako edertasuna ahazteko zorian gaude, nahiz eta bizitzeko guztiz beharrezkoa dugun. Bai, gizakiok edertasuna behar dugu bizitzeko. Edertasunak eragiten digun emozioa behar dugu bizirauteko eta mundua hobeto ulertzeko. Ondo egindako lan batek eragiten duen edertasuna behar dugu, egia hurbilago sentiarazten digun artearen edertasuna, lekutik mugitu gabe bidaiatzeko aukera ematen digun musikarena, emozioaren bitartez eta forma eta edukiaren arteko konbinazio bikainaren bitartez fikziozko obra onek eskaintzen diguten edertasuna, mundua hobeto ulertzen laguntzen diguten artelanen edertasuna, elkartasun keinu batek bere baitan gordetzen duen edertasuna…
Edertasuna polita den zerbaitekin nahasten dugu, gure etxeko paretekin edo gure zapatekin ondo konbinatzen duen zerbaiti esaten diogu eder. Baina edertasuna, benetako edertasuna, deserosoa ere izan daiteke askotan. Esango nuke gainera deseroso sentiarazten digun artelanak gordetzen duela egia gehien, eta ezin dugu ahaztu edertasuna egiara hurbiltzeko modu bat dela.
Edertasuna behar dugu, bizitzeko funtsezkoa da. Baina mundu honetan gauzak sortzen duten diru kopuruagatik bakarrik baloratzen ditugu, eta panorama honetan edertasuna ahaztu egiten dugu, gutxietsi. Bahitu egiten dugu eta doinu frantsesa duen perfume iragarki batean jartzen dugu salgai.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s