Errelatoak

Istorio on batek haren elementu guztien arteko armonia eskatzen du. Egitura, erritmoa, argumentua, pertsonaiak… denak dira jantzi bera josteko hariak, denak daude helburu beraren zerbitzura. Ondo idatzitako istorio bat bertan gertatzen dena baino askoz gehiago da. Txikitatik ondo kontatutako istorioak entzuteko edo irakurtzeko aukera izan dutenek euren pentsamendua hobeto egituratzeko tresna bat gehiago dute, eta honez gain, istorio on batek berarekin dakarren balore eta bizitza lezioa jasotzeko aukera ere izan dute.
Gaurko umeek etengabe kontsumitzen dituzte euren adineko youtuberrek egindako bideoak: batean jostailu berri bat ireki eta nola funtzionatzen den azaltzen diete, beste batean azazkalak nola margotu, edo Coca-Cola batekin esperimentua nola egin… Honako bideoek, baina, ze arrasto uzten diete buruan? Ze irakaspen, azazkal margotzen ikasteaz harago? Hutsala da arrastoa, pobrea. Haurrak honelakoak kontsumitzen ikusten ditudanean pentsatzen dut zenbat galtzen ari diren pelikula on bat edo ipuin edo komiki on bat irakurtzen ez egoteagatik. Hau da, ondo kontatutako istorio batean ez barneratzeagatik.
Batzuek diote bideo hauetan sexurik edo indarkeriarik ikusten ez duten bitartean ez dagoela arazorik, eta berdin dela honako bideoak ala haurrentzako pelikula bat ikusten egotea. Baina buruan geratzen zaien arrastoa ez da bera. Ez da berdin, adibidez, ordu eta erdiz emozio konkretu batzuk sortarazteko egituratua eta landua dagoen pelikula bat ikustea, edo bost -zazpi minututako bideoak bata bestearen atzetik ikusten egotea. Euren artean zerikusirik ez duten bideoak dira, bat ikusten egon bitartean hurrengoa ikusteko antsietatea sortzen dutenak, eta kontsumitzen ikasteko primerako eskolak direnak gainera.
Entretenimendua jendea tontotzeko makina bihurtzen ari gara. Eta entretenimenduak ez du zertan gure burmuina desaktibatu behar, aldiz, burua aktibatzeko tresna ezin hobea izan daiteke beste mundu batzuk imajinatzera eraman gaitzake, gure mundua hobeto ezagutzera, beste bizitza batzuetan barneratzera. Istorio on bat entzutea, irakurtzea, ikustea, besteak beste, armonia dosi bat da. Armonia munduarekin eta bizitzaren errelatoarekin.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s