Hiri bera

Gasteizko Senda pasealekutik hiru emakume oinez, Armentiarantz paseoan. Sukalde askotako zoruak oraindik bustita dauden ordu hori da. Norbaitek jaso ditu dagoeneko bazkariko platerak, lanbasa pasatu eta balkoiko atea irekita utzi du behegaina azkarrago sikatzeko. Norbait horrek txandala jantzi du ondoren, eta orain lagunekin doa paseoan Armentiarako bidean. Ordu hori aprobetxatzen du, ordu horretan ez diolako inork ezer eskatzen: senarra telebistaren aurrean utzi du bazkalondoko kuluxkan; bostak arte ez ditu ilobak ikastolatik jaso behar eta bere etxera askaria hartzera eraman. Berarentzako tartea da, lagunekin paseoan ibiltzekoa.
Hiru emakume dira Armentiarako bidean, baina izan zitezkeen hiru emakume beste edonon ere, izan ere, ordu berean ziur han eta hemen hainbat daudela gauza bera egiten: paseoan Zarautz eta Getaria artean, Lekeitio eta Oleta artean, Eibarko inguruetan, Bergarako eraztun berdearen ibilbidean…
Antzeko gauza asko gertatzen dira ordu beretan leku ezberdin askotan. Hiri eta herri bakoitzak bere nortasuna dauka, bere paisaia, baina ziurrenez, ordu berean gauza oso antzekoak gertatzen dira haietako bakoitzean. Goizean umeak eskolara sartu aurreko ordu horretan, argi gorri keinukariak nagusi dira edonon, auto edo autobusetatik neska-mutilak irteten diren bitartean; fruta dendan edo harategian esaldi berak entzuten dira, azkena nor den galdezka, adibidez; zenbat atzamar ari diren ordenagailuen teklatuak zapaltzen, ordu berean, hainbat eta hainbat bulegoetan; zenbat esku ari dira bustitzen, hotzak gogortuta, lur azpian tutuak sartu edo teilatua konpontzen duten bitartean; zenbat eztul egiten dira aldi berean gure herrietako anbulatorio ezberdinetan.
Hiru emakume dira, Armentiarako bidean doazenak. Hiru dira bakarrik, baina aldi berean milaka dira. Ordu horretan bertan beraiek bezala paseoan ari dira beste asko Elgoibar, Tutera, Dulantzi, Azkoitia, Amurrio, Bilbo edo Barakaldon. Hiri eta herri ezberdinetan bizi gara baina norbaitek sukaldea jaso eta behegaina sikatzeko balkoiko atea irekita uzten duen espazio horretan, hiri eta herri berean bizi gara.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s