Ez ditut gogoratzen
esan zenizkidan hitzak,
ezta esan nizkizunak ere.
Ziurrenik
zelan geunden galdetu genion elkarri
erantzunetan egiarik jasotzeko itxaropenik gabe.
Ziurrenik gure lanez
hitz egingo genuen,
edo osasunaz:
zelan zoaz kontu horrekin?
Ez dut gogoratzen
ze egunetan egin genuen topo,
ezta non,
nora nindoan,
nondik nentorren.
Ez ditut gogoratzen
egun horretako egunkarien lerro-buruak,
ziurrenez norbaitek indarkeriaren bat gaitzetsiko zuen
edo norbaiti eskatuko zioten
indarkeriaren bat gaitzesteko.
Ez dut gogoratzen orduan bizarra zenuen
edo modetatik libre
afeitatua zeunden ordurako.
Gauza bakarra gogoratzen dut:
eskua pasatu zenidala
beso biluzitik.
Ordutik
hego haizeak agintzen dit
zer gogoratu
eta zer ez.